XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, horrez gaiñera, abertzaletasuna baserritarren artean zabaltzeko (baserritar gehiago zegoen arabera orduko Txekoslobakia-n gaurko Euskal Herria-n baino), hobe omen zan bertako dialektuan jendea irakurtzen eta eskolatzen zaletzea.

Hau dala-ta, nahiz Praga-ko abertzaleek ahalegin haundiak egin, 1845-ean Stur, Hodza eta Hurban eslobakiatarrek, eslobakiera osotuaren oinarriak jarri zituzten, Praga-tik urrunduz.

Budapest-ek begi onez ikusi zuen Biena-ren indar-galtze hau (Praga Biena-ren menpean zegoen batez ere), eta separatismoa txalotu zuen.

Geroztik eslobakiera eta txekera bi hizkuntza dira, beren arteko liferentziak oso apurrak izanagatik ere.

Irakaskintzan jokatu zan pizkundearen etorkizuna.

Lehenengo mailako eskolak txekeratu ziran aurrenik.

Segidan, hizkuntza gaitu ala, bigarren mailakoak txekeratu ziran, 1866-etik batez ere; eta 1882-an, hamasei urte beranduago, orain Brusela-n bezelaxe (flamenkerazkoa batetik eta frantsesezkoa bestetik), Praga-ko Unibertsidadea bitan zatitu zan, batak alemaneraz jarraituko zuen bere irakaskintza,1733-etik egiten zuen bezela; besteak berriz, berriak, txekeraz irakatsiko zuen aurrerakoan.

Lobaina-n bezela: latinetik alemanera (frantsesera Lobaina-n); eta alemaneratik bitasunera, azkenean bertako hizkuntza hutsez egin arte.

Helsinki-n fenomenu berbera ikusi da; eta gaurtxe ari da gertatzen hau Manila-n (tagaleraz), eta Saigon-en (vietnameraz).

Txekerazko Unibertsidade huntan maisuetatik bat Thomas Masaryk, hain zuzen, 1918-an Txekoslobakia-ko erresumaren sortzaile eta lehen presidentea.

Gauza nola zegoen ez dugu ahaztu behar.

1780-ean Joseph II errege egin zanean, eskolak ugaldu egin ziran bere inperio guzian; baina, noski, alemaneraz.

Ez inolaz ere txekeraz.

Bost urtetan 130 eskolatan txekera utzi eta alemanera sartu zan mintzabide.

Irakaskintzako aldaketa hauek, dio Krofta istorilariak oharrez, jakinaren gainean, eta txit berariaz etorri ziran nazioa guztiz germanitartzeko gogo nabarmen batekin batera.

Inperioan hizkuntza bakar bat: hau zan helburua Biena-n.

Hau dala-ta, eskualde osoak guztiz desnaziotartuak izan ziran.

Era berean Eslobakia-n 1780 arte latina izan zan erresuma-hizkuntza; 1780-etik alemanera jarri zuten; eta gero, 1843-etik aurrera, magyarra, areago 1867-tik (Austria eta Hungria parean jarri ziranean).

1849an halere, bigarren mailako ikasgu guzietan alemaneraz irakasten zan Eslobakia-n... Latina, alemana, magyarra... Eslobakieraren arrastorik ez!.

Administrazioen XIX-gn. mendeko azken urteetaraino ez zan paretasuna bera ere lortu!.

1848-ezkeroztik paretasun hau eskatzen zuten abertzaleek, baina kasorik ez.

Paretasuna lortzean halere, partidaren parte bat irabazita zegoen: alemanek ez zuten denbora galdu nahi txekera ikasten; eta XX-gn. mendeko hasierarako posturik gehienak txekeraz mintzo ziranek hartuak zituzten.